XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nik betidanik izan diet beldurra animalia horiei.

Txikitan txakur batek horzka egin zidalako izango da agian.

Dena dela, bat ikusten dudan bakoitzean urduri jartzen naiz, areago oraindik ero baten moduan saltoka eta zaunkaz ari bada, egun hartan bezala.

Txirrina jo nuen behin eta berriz, atetik hurbil emakume baten ahotsa entzun arte: - Banoa! Banoa!.

Atea ireki zuenean lotsaturik sentitu nintzen sortu nuen istilua zela eta, baina aldi berean lasaituta txakurra poliki-poliki isiltzen ari zela ikustean.

- Barka horrela deika aritzea, baina txakurrek beldur handia ematen didate eta....

- Noski, ulertzekoa da. Eta... zer nahi duzu?.

- Beno, agian harritu egingo zara, baina polizi-zerbitzuak bidali nau ondoko sutearena ikertzera.

- O! Barka, liburu saltzaile bat zinelakoan nengoen, badakizu nolakoak izan ohi diren... sar zaitez barrura, mesedez.

Ni Loraine nauzu, Loraine Lessing.

- Eta ni Jennifer Haydock.

Atsegina da zu ezagutzea - eta hau esanez eskua eman genion elkarri.

Une batez isiltasuna nagusitu zen etxeko gela miragarri hartan; biak, zer esan jakin gabe, egoera trabagarri baten aurrean aurkitu ginen.

- Zerbait edan nahi al duzu? - Ez, mila esker - eta isilune labur baten ondoren nire lanari ekin nion.

Tira, nire kasu hau lehendabizikoa da eta ez dakit ongi nondik hasi, dena den, eskertuko nizuke Maccraetarrei buruz dakizun guztia esango bazenit.